Erosahalmena bermatu orain!

Espainiako gobernuak CCOO eta UGTrekin sinatutako akordio baten ondorioz soldata igoera eskasa izango dugu Euskal Herriko hegoaldeko langile publikook, eta horrela erosahalmena galtzen jarraituko dugu. 2010ean kendu ziguten %5etik zenbatzen hasita, urte hau amaitzerako erosahalmena %15 galduta izango dugu.

Kendutakoa berreskuratzeari ez diogu uko egingo, eta bertako administrazioekin negoziazioak behartzeko ezinbesteko mobilizazioak piztu ditu LABek dagoeneko.

Hil honetan Hegoaldeko administrazioen menpe zuzenean lan egiten dugun langileok %1,5eko soldata igoera izango dugu, eta urtarriletik sortutako atzerapenak ere kobratuko ditugu. Datozen bi urteetarako igoerak ere ezarri ditu Madrilek, eta beste behin Europako KPIari lotutako formula nahaspilatsuak erabilita langileok erosahalmena galtzen jarraituko dugu.

2010etik 2022ko abendura arte pairatutako %15eko erosahalmenaren galera, estatuko KPIak eta soldata igoerak alderatuta

Kapitalismoak argi dauka dirua neurri gabe irabazten jarraitzeko langileon soldatak jaitsi beharra duela. Eremu publikoa eredu izan behar omen da horretan, eta hain zuzen ere kapitalari men egiten dioten gobernuak argi kokatu dira, langileon kontra. Hainbat komunikabide ere dagoeneko lerratzen hasia da langile klasearen zatiketa bilatzen.

LABen ere oso argi daukagu eta ez dugu borroka hau galdutzat ematen. Dirua egon badago, baina gaizki banatuta eta alferrikako gastutzarrak ere bai. Krisialdi hau ez dugu langile klasea ordainduko.

LABek ez du onartuko agintekeriarik ezta «bertako inposiziorik» ere. Unibertsitatean ere, UPV/EHUko zuzendaritzak murrizketa gogorrak ezartzen ari da Madrilgo gobernuarekin bat eginez eta “itun soziala” aitzakia erabiliz. Horren adibide garbia da jubilazio akordioak deuseztatzeko ebazpena. Era berean LABek salatzen du, zuzendaritzaren Jaurlaritzarekiko morrontza eta utzikeria, zeren bertako langileen erosahalmenari eusteko neurriak ez ditu indarrean jarri nahi, horrela IRIen osagarriak “izoztuta” daude 2007tik edo AZPren lanpostu guztien balorazioa beste urte bat egin gabe dago, azken 15 urteetan bezalaxe

Enplegu duinaren eta erosahalmena berreskuratzearen alde mobilizatzen hasi gara, eta jarraituko dugu, eta langile guztiak deitzen ditugu antolatzeko eta borrokatzeko.

Enplegu publiko duina, erosahalmena bermatu, berton erabaki!