Erretiro partzialaren akordioa
Azken asteetan, lan-kontratudun langileak partzialki erretiratzeko akordio bat negoziatu da. Gogoratu behar da aukera hori funtzionarioentzat oraindik ez dela posible. LABek positibotzat jotzen du 11/2014 legera egokitzen den eta LABen ekarpen esanguratsuak kontuan hartu dituen sinatutako akordioa.
Aipatutako legeak erretiro partzialaren aldia bi urtetik hiru urtera luzatu ahal dela ezartzen du. Lehenengo urtean lanaldia % 20tik % 33ra murrizteko aukera ezartzen da eta azken bi urteetan % 25etik % 75era. Administrazioaren hasierako proposamenak hiru urteko epea jasotzen zuen, eta murrizketei dagokienez, lehenengoan % 25eko murrizketa eta azken bietan % 75ekoa.
LABek hiru alderdi nagusietan zentratu ditu bere aportazioak: Lehena, lehen urteko murrizketa ahalik eta handiena izatea adostea lortu dugu, hots, % 33. Bigarrena, hasierako zirriborroak, irakaskuntza-plangintza errazteko, erretiro partzialaren hasiera lauhilekoen amaierarekin lotzen zuen. Alderdi hori malgutzea lortu dugu: legez ezarritako aurrerapenarekin eskatzen bada legezko baldintzak betetzen dituen datan erretiro partziala hartu ahal izango da. Azkenik, erretiro partziala genero arrakalari loturiko baimen bereziarekin bateragarria dela argitu da akordioan.
Erretirorako neurri bereziak
Erretiroari buruzko 2024ko akordioan ezartzen zen bi deialdi egingo zirela erretiroa hartzeko neurriak eskatzeko. Hala ere, administrazioak ez du egin 2024-2025eko lehen lauhilekoan neurri horietan parte hartzea ahalbidetuko lukeen deialdia. Hilabete honetan, martxan dagoen kurtsoaren bigarren lauhilekoan murrizketak garatu ahal izateko deialdiaren zirriborroa aurkeztu digu eta uste dugu hurrengo atalak hobetu daitezkeela.
Alde batetik, proposatzen dugu akordioan agertzen den murrizketa osoa (% 125a) disfrutatzea, nahiz eta eskaera 4 urte lehenago ez egin erretiro arruntaren kasuan, ezta 7 urte lehenago ere, erretiro partzialaren kasuan. Bereziki, erretiro partzialaren kasuan, murrizketa-eskaera 7 urte lehenago egitea gehiegizkoa da. Deialdi honetan argudio gehigarriak daude: (1) 2025-2026ko lehen lauhilekoan murrizketak izateko deialdia ez da egin, eta, beraz, eskubidea zuten langileek murrizketaren zati bat galduko lukete. (2) Erretiro partzialaren baldintzak aldatu egin dira.
Bestetik, erretiro-data malgua izatea proposatzen dugu eskatzaileak eskubidea duen momentutik aurrera. LABen ustez, eskaera aldez aurretik egingo denez eta JARDUN tresna dagoenez, posible da plangintza akademiko egokia egitea.
Azkenik, eskatzen dugu oraindik erretiro partzialean ez dauden eta irakaskuntza murrizketak dituzten langileei baldintza berdinak aplikatzea eta murrizketak birkalkulatzea.
Aurkeztutako deialdirako proposamen horiek, eskatzen ari garen beste hobekuntza batzuekin batera, 2024ko erretiro-akordioan sartu beharko lirateke, gutxieneko akordio bat izan baitzen. Hau da:
- Erretiro datak malgutzea eta ez egokitzea lauhilekoaren bukaerarekin; langileen eskubidea errespetatzeko eta langileen artean desberdintasunak ez eragiteko.
- Plaza berriak sortzeko irizpidea aldatzea: Murrizketen aplikazioagatik, sailaren irakaskuntza ahalmenaren galera konpentsatzeko: gaur egun irakats betebeharra vs sailen irakaskuntza-ahalmenaren ratioa % 95ean dago eta jaitsi beharko litzateke.
- Baimen ordaindua erretiro partzialarekin bateragarria izatea.
- Genero arrakalari loturiko baimen berezia hobetzea.
- Irakaskuntza-murrizketa handiagoak adostea.
- …