Erretirorako neurri berezien deialdi bat egin behar da ORAIN, eta akordioaren hobekuntzak negoziatu lehenbailehen

Urtebete igaro da mota honetako azken deialdia egin zenetik, eta dagoeneko lehen lauhilekoaren erdialdean gaude. Ezinbestekoa da deialdia egitea, ORAIN! Gainera, deialdiak ez-ohikoa izan behar du, langile batek ere ez dezan galdu erretiro-akordioaren bidez eskuratutako eskubiderik, hau da, akordioan aurreikusitako murrizketa guztiak baliatzeko aukera izan dezan

Gainera, LAB aspalditik ari da eskatzen akordioaren hobekuntzak, batez ere sistema malgutzeko eta disfuntzioak ezabatzeko. Beraz, akordioaren aldaketak negoziatzeko prozesua lehenbailehen abiaraztea eskatzen du. LAB negoziazio horretara eramango ditu ondorengo hobekuntzak, besteak beste:

  • Erretiro datak malgutzea eta ez egokitzea lauhilekoaren bukaerarekin, langileen eskubidea errespetatzeko eta langileen artean desberdintasunak ez eragiteko.
  • Eskaera egiteko epea malgutzea murrizketa guztiak erabili ahal izateko. Gaur egun epea 4 urtekoa da erretiro arruntaren kasuan, eta 6 urtekoa erretiro partziala eskatuz gero. Uste dugu eskaerak aurrerapen motzagoarekin onartu behar direla eta murrizketak ez galdu, erretiroa hartu arte geratzen den denboran murrizketa horiek guztiak metatzea ahalbidetuz.
  • Plaza berriak sortzeko irizpidea aldatzea: Murrizketen aplikazioagatik, sailaren irakaskuntza ahalmenaren galera konpentsatu behar da. Gaur egun irakats betebeharra vs. sailen irakaskuntza-ahalmenaren ratioa % 95ean dago eta jaitsi beharko litzateke.
  • Baimen ordaindua erretiro partzialarekin bateragarria izatea.
  • Genero arrakalari loturiko baimen berezia hobetzea.
  • Irakaskuntza-murrizketa handiagoak adostea.
  • Adosten diren hobekuntzak aurretik eskaera eginda duten langileei aplikatzea.
  • – …

Era berean, salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak erretiroen kontura laguntzaile doktore plazak sortzeko ezarritako oztopoak. Izan ere, erretiratu behar den irakaslea EHUk kontratatuta egoteari utzi arte ez du baimentzen plaza horiek sortzea; aurreko urteetan bai egiten zen. Errektoretzari akordioa betetzea exijitzen diogu, eta Jaurlaritzari oztoporik ez jartzea aurreko errektoretzarekin akordioa gauzatzeko izan zuen konpromiso bera mantenduz.

Gure eskubideak defenda ditzagun!