Murrizketen aurkako mobilizazioak: Urriaren 14an  hasitako dinamikari urriaren 20an emango diogu jarraipena

EHUko langileen jubilazio akordioak deuseztatzearen aurka mobilizatuko gara urriaren 20ko Gobernu Kontseiluaren aurrean

Iragarri bezala LABek mobilizazioak burutu zituen pasa den ostiralean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan enplegu publiko duina aldarrikatuz, langile publikoen eros-ahalmena bermatzeko esigituz eta akordio arrotzak salatuz. EHUko langileok ere parte hartu genuen mobilizazio horietan, azkenaldian EHUk bere langilegoari inposatu nahi dizkion murrizketak salatzeko.  Urriaren 14koa murrizketa hauen inguruan LABek abiatuko duen mobilizazio kanpainaren abiapuntua baino ez zen izan.

Murrizketa horien artean, EHUko zuzendaritzak ikasturte berriarekin batera aurkeztu digun erretiroen pizgarriak murrizteko proposamena da egun hauetan garrantzia berezia hartu duena. Iraila eta urrian zehar erretiroen inguruko batzorde teknikoak egindako bileretan aurkeztu zaizkigun akordio proposamenetan argi geratu da zuzendaritzak alde sozialarekin ezer adosteko inolako asmorik ez duela.

Asmo onik gabeko “negoziazioak”

Hasieratik lan eskubideen aurkako erasoa baino izan ez dena, asmo onik gabe burututako negoziazio bilera hauen bidez mozorrotu nahi izan du administrazioak, hauek “porrot” eginda, urriaren 20ko Gobernu Kontseiluan “Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko I. Plana. Erretiro egoerara igaroteko neurriak” delakoa aldebakarrez onartzeko. Itxurakeria hutsa izan da burututako prozesua, EHUk, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Madrildik ezarritako bere langilegoaren aurkako inposizioa, bere egin eta lotsagabe aurrera eramateko. LABetik gogor salatu nahi dugu unibertsitateko agintariek eta Eusko Jaurlaritzak espainiar aginduekiko erakutsitako morrontza.

Harritzekoa da, halaber, estatu mailako zenbait sindikatuk gai honen aurrean erakutsi duten zinismoaren zenbaterainokoa. UGT eta CCOO gai dira, inongo lotsarik gabe, egun batean Madrilen, lau haizetara zabaldu duten Gizarte Itunaren baitan, Espainiako Gobernuarekin erretiroen atzerapena saritzen eta sustatzen duen akordioa sinatu ostean, hurrengo egunean, gurean, beraiek Madrilen sinatutako akordioaren inplementazioa bilatzen duten neurrien aurka, negoziazio mahaietatik altxatu eta aldarrikapenik, ustez, sutsuenak egiteko, UPV/EHUko langileen aurrean egin dutena ezkutatu nahirik.

LABetik ez gaude prest batasun sindikalaren balizko eraginkortasunaren izenean Madrilen euskal langilego publikoaren interesen aurkako neurriak bultzatzen dituztenen jarrerak zuritzeko. Hori da LABek beste sindikatuen deialdi bateratuekin bat ez egiteko arrazoi nagusia.

Negoziazio mahaietatik altxatzea erabaki errespetagarria izan daitekeela iruditzen zaigun arren, LABek oraingoz horrelakorik ez egitea hobetsi du, arduraz eta zuhurtziaz jokatuz, horixe delako, gure aburuz, EHUko zuzendaritzak bilatzen duena momentu honetan: negoziatzen saiatu delako itxura egin eta alde sozialaren aldetik interlokuziorik ez duela argudiatuta beren proposamena Gobernu Kontseilura eramateko eskuak libre dituela irudikatzea. LABetik benetako negoziazio bati ekiteko prestutasun osoa berresten dugu. Ez dugu berehalakoan etsiko.

Mobilizazioak

Benetako negoziazio bat exijitzeko eta planteatzen zaizkigun murrizketei aurre egiteko LABek mobilizazio dinamika bati ekin dio. Urriaren 14ko mobilizazioetan abiatu genuen dinamika hau eta urriaren 20ko Gobernu Kontseiluaren aurrean kontzentratuz emango diogu jarraipena. EHUko zuzendaritzak, aldebakarrez, orain arteko erretiro akordioak indargabetu eta horiek plan murriztaile berriez ordezkatu nahi dituen Gobernu Kontseiluaren aurrean, hain zuzen ere.

Amaitzeko Euskal Herrian eta, bereziki, EHUn bestelako gehiengo sindikalak badirela gogoratu nahiko genuke. Eta oraingoz, premiak eta aipatutako baldintzek hala eskatuta mobilizazioei geure kabuz ekitea erabaki dugun arren, ez dugu baztertzen, aurrerago, elkarbanatutako irakurketa baten inguruan beste indar sindikal batzuekin bat egitea.

Gure eskubideen alde eta inposaketen kontra, Urriaren 20an, 9:30etan, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoaren aurrean kontzentratzera dei egiten dizugu.