Ondasunak banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu!

Covid-19ak sorturiko egoerak are eta ikusgarriago egin du Euskal Herriko Karta Soziala osatzen dugun eragileok etengabe salatu dugun egiturazko krisia (ekonomikoa, soziala, ekologikoa, zaintzena…) eta egoera hobetzeko beharrezko den eraldaketa soziala. Hala, bizitza erdigunean kokatzeko beharra aldarrikatuz amaitu genuen ikasturtea, ekainaren 19an mobilizatzeko deia eginez.

Eredu sozioekonomikoa eraldatu ezean, ordea, herritarron oinarrizko eskubide sozialak daude jokoan (etxebizitza, osasungintza, hezkuntza, elikadura osasuntsua, energia… ). Era berean, kalitatezko enplegu duina aldarrikatzen dugu eta enplegua suntsitu nahiz prekarizatzeko saiakera oro salatu. Gero eta langile edota pentsionista gehiago izango dira bizitza duina bermatzeko ezintasuna dutenak, emakume edo gaztea izanagatik egoera okerrean egonik. Zerbitzu publikoei dagokienez ere, hauek garatu behar dira lehentasunez, langileon lan baldintzak hobetzen diren neurrian, zerbitzu hobea eskaintzeko baldintzak egongo direla ulertuz eta jokoan dagoena zerbitzuaren eredua bera dela, bizitza vs kapitala.

Zoritxarrez, salbuespen egoera sortu duen osasun krisiak bere horretan jarraitzen du, sistema honek dituen gabeziak gero eta modu sakonagoan agertuz eta langile zein herritar sektore zabalen bizitzak prekarizatuz. Aurretik genuenak ez zituen pertsona guztien eskubideak bermatzen eta oraingo normalitate berriak are eta gutxiago. Horregatik, “Ondasunak banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu! Lehenik bizitza!” lelopean, mobilizazio dinamika bat martxan jarri dugu. Jada hainbat mobilizazio egin ditugu eta abenduaren 13rako jarri dugu hurrengo hitzordua, eta Gasteizen, Bilbon eta Donostian manifestazio bana egingo dugu.