Osagarrien 2017ko deialdia: A eta B tarteen ebazpena, berriro geldirik

Oso albiste txarra jaso dugu atzoko Plangintza Batzordean: Unibasq-en Zuzendariak EHUaren Errektoreari gutun bidez jakinarazi dio bertan behera gelditzen dela 2017ko A eta B tarteen ebaluazioa, CCOO sindikatuak osagarrien protokoloari jarritako helegiteen gaineko ebazpen baten eraginez.

Horiek horrela, IRI arloko Errektoreordearen ustetan oso litekeena da iaz bezala aurten ere osagarrien deialdia amaitutzat jo eta berriro deitu behar izatea, eta, ondorioz, beste urtebete gehiago galtzea.

Gogoan izan dezagun 2018ko irailean CCOO sindikatuaren ordezkariak bermatu zuela haiek abiarazitako ekimen judizialek ez zutela ekarriko, txarrenean ere, deialdiak etetea edo ebaluazio prozesuak gelditzea. Baina gauzak oso bestelakoak suertatu dira, IRIaren baitako kolektibo zabal baten kaltetan, hain zuzen ere ebaluagarriak diren tarte hauek inoiz baloratu gabe dituzten irakasle-ikertzaileegan.

Zentzugabekeria handia da hori guztia, LAB eta STEILAS sindikatuen ustetan: dela Administrazioaren baldarkeria, dela CCOO sindikatuaren egoskorkeria, irakasle-ikertzaile askok eta askok atzeratua ikus dezakete ondo baino hobeto merezitako funtsezko soldata osagarri bat.

Iaz, protokoloaren gatazka tarteko, oztopo guztien gainetik STEILASek eta LABek deialdi honetako C tarteak salbatzea lortu genuen, eta hainbat irakasle-ikertzaileren atxikimendua lortu genuen osagarrien deialdiak urtero eta garaiz egin daitezela exijituz. Gu langile horien guztien izenean ari gara; horretan gabiltza orain ere, eta horretan jarraituko dugu.

Hortaz, argi dugu helburu nagusia: C tarteak gatazka hauetatik at utzi eta auzi honen bilakaera edozein delarik ere, A eta B tarteak atzeraeraginkortasunez ebaluatzea eta ordaintzea. Deialdien erritmoa normalizatzea exijitzen dugu, eta ez dugu onartuko beste urtebete bat galtzea prozesu honetan.

GURE SOLDATEN DEFENTSAN:

OSAGARRIAK URTERO ETA GARAIZ!