Osagarrien deialdiak normalizatuta zeudela uste genuen honetan, atzerapen larria gertatzen ari da 2017ko deialdiaren tramitazioan. Izan ere, 2016ko abenduaren 15eko Gobernu Kontseiluan onartu bazen ere, azken pausoa falta zaio, Gizarte Kontseiluak onartzea. Uztailean ohartarazi genuen azken tramite hau presazkoa zela, osagarrien deialdia atzeratzeak ondorio kaltegarriak izango dituelako. Bereziki kezkagarria da C osagarriak eskatuko dutenen kasua, gutxien kobratzen duten irakasle-ikertzaileen kolektiboa hain zuzen ere. C osagarrien esleipena urtea amaitu aurretik egiten ez bada, beren ordainketa 2019ra arte atzeratuko litzateke, urtebeteko dirua galduz. Honen atzean Eusko Jaurlaritzaren atzaparra antzematen dugu berriz ere, langile prekarioenen kontura dirua aurreztu nahian!Egoera honen aurrean, LAB eta STEILAS sindikatuok sinadura bilketa hasi dugu Gizarte Kontseiluko kideen artean, urriaren lehen egunetarako ez-ohiko bilera eskatzeko eta dei egiten diogu UPV/EHUko zuzendaritzari iniziatiba hau babestu dezan, eskura duen guztia eginez eta tramiteak arinduz. Hau da bide bakarra abenduko ohiko Gizarte Kontseiluan C osagarri berriak esleitu eta 2018ko urtarriletik aurrera ordainduak izateko. Kanpotik ezarritako traben gainetik, Euskal Herriko Unibertsitateak bere langileei dagokienaren defentsa egin behar du esparru honetan ere, guztion borondatea eta inplikazioa ezinbestekoa delako, Balluerka Errektoreak ikertzaile eta irakasle gazteen alde behin baino gehiagotan esan duenaren ildotik.