Osagarrien erresoluzio-epea suspenditu da: behin-betiko konponketa ezinbestekoa da

Aurreko ostiraleko Gobernu Kontseiluak 2017ko osagarri gehigarrien A, B eta UET ez-doktoreen tarteen deialdiaren erresoluzio-epearen suspentsioa erabaki zuen, berriz ere CCOO sindikatuak osagarrien protokoloari jarritako helegitearen gaineko ebazpen baten ondorioz. Iaz, antzeko egoeran, deialdia amaitutzat eman eta berria abiatu zen, protokolo berri batekin eta urte betez atzeratuta merituen balizko esleipena eta ordainketa. Eskerrak C tramuak salbatu genituela, atzerapenarekin ere, 2019ko urtarriletik aurrera ordaintzen hasi baitziren. Orain ordea, ez dago jakiterik zer gertatuko den. Baliteke Unibasqek protokoloaren kontrako ebazpenari jarritako errekurtsoa hilabete gutxitan erabakitzea. Edo gerta liteke, halaber, denboran luze jotzea eta berriz ere denborarik gabe geratzea 2017ko A, B eta UET ez doktoreen tarteak esleitzeko eta 2018ko deialdia aurten bertan egiteko, ondorioz dena beste urte betez atzeratuz, C tarteak barne.

Esperientziak erakutsi digu gai honekin ezin garela baikorregiak izan, horregatik LAB eta Steilas sindikatuok 2017ko deialdia bertan behera geratzen bada, ahalik eta azkarren, osagarrien deialdi “metatu” bat egitea exijitzen dugu, zeinetan 2017, 2018 eta 2019ko deialdiak batuko liratekeen. Azken finean, lehenengo (2007ko) deialdiaren jiteko deialdi berri bat egitea proposatzen dugu, epealdien normaltasuna berreskuratuz. Deialdia garaiz egin beharko litzateke, gainera, ziurtatzeko C tramuak 2020an hasiko liratekeela ordaintzen.

Hainbaten jokamolde arduragabearen ondorioz sortutako gatazka honek asko kaltetu ditu, batez ere, merituak inoiz ebaluatu ez zaizkien irakasle-ikertzaileak: 2017ko etenarekin kolektibo prekarioenak urtebete atzeratua ikusi zuen zegokion C tramuen ordainketa; eta gauden egoeran, 2017ko gainontzeko tarteen ordainketa lasterrenez 2021ean hasiko litzateke, gatazka ez bada behingoz bukatzen. Zentzugabekeria handia da hori guztia, LAB eta Steilas sindikatuen ustetan. Dela Administrazioaren baldarkeriagatik, dela CCOO sindikatuaren arinkeriagatik, azkenean irakasle-ikertzaile askori funtsezko soldata zati bat ukatu baitzaio. Argi dago osagarrien ebaluazio-protokoloa ez dela ez aproposa, ezta izan beharko lukeen bezain zehatza, baina argi geratu da ere, langileon interesen ikuspegitik, akats estrategikoa izan dela haren kontra egitea epaitegietan, balizko ondorioak serioski neurtu gabe. Are gehiago egon diren aurrekariak kontuan hartuta- Izan ere Administrazioak edozein aukera aprobetxatu izan baitu osagarrien deialdiak oztopatzeko, deialdiak saltatuz edo atzeratuz.

LAB eta Steilas sindikatuok irakasle-ikertzaileen osagarriak eskuratzeko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, gure soldataren zati bat direlako, are gehiago, haien benetako muina oinarrizko soldatak duintzea delako. Bestalde, argi daukagu C tarteak gatazkatik at utzi behar direla auzian dagoen protokoloak ez baititu haiek baldintzatzen. Bukatzeko, eragile inplikatu guztiei exijitzen diegu arduraz jokatzea behingoz osagarrien deialdiak normalizatze aldera, hau da, urtero eta garaiz argitaratu eta normaltasunez ebatzi, esleitu eta ordaindu daitezen.

SABOTAJE GEHIAGORIK EZ!!GURE SOLDATEN DEFENTSAN: OSAGARRIAK URTERO ETA GARAIZ!