Dakizuenez, abenduaz geroztik gabiltza Berdintasun Plan bat eratzeko administrazioarekin batzarretan eta otsailaren 12koan, administrazioak aurkeztutako planaren 2. Zirriborroa bertan behera uztea eta eraginkorra izango den beste bat egiteko konpromisoa hartzea lortu genuen.
Ondorioz, administrazioak epe bat ireki zuen UPV/EHUko langileek, administrazioak aurkeztutako diagnosi-txostena erabiliz, norbanako ekarpenak egin ahal izateko. LABetik ekarpen horiek jasotzeko aukera zabaldu genizuen EHUko langile guztioi eta afiliatu batenak eta geuk prestatutakoak aurkeztu genituen, beste afiliatu baten eskutik.
Pasa den ostegunean administrazioak zirriborro berri bat aurkeztu zigun eta, nahiz eta bertan gure ekarpenik ez jaso, aurrekoarekin alderatuta, landuagoa dago eta, gutxienez, jaso dituzte otsaileko bilera hartan esan genien eta legeak eskatzen dituen minimoetako batzuk (organo arduraduna, kronograma, planaren jarraipena eta balorazioa, etab). Horrez gain, Gobernu Kontseiluan LABkide batek aurrekontuei egindako zuzenketari esker, lehenengo aldiz, berdintasun plan hau garatzeko partida propioa izango dute EHUko aurrekontuek eta hau ere islatu dute zirriborro berrian.
Bete sindikatu batzuek esan zuten ez zeudela prest aurkeztutako zirriborroa landu eta ekarpenak egiteko, baina guk argi utzi batzorde horren zereginetako bat Planaren eraketa bera dela eta prest jarraitzen dugula ekarpenak egin eta plan eraginkor bat lortzeko negoziazioekin jarraitzeko. Horrela, ekarpenak egiteko epea luzatu dute (guk hala eskatuta), martxoaren 27ra. Ekarpenak izatekaotan, bidali ahal dizkiguzue datorren astelehenera arte, hilak 25.
Ekarpen-proposamenak oinarrituta egon behar dira unibertsitateak egindako diagnostikoan. Hemen daukazue eskuragarri diagnostiko hori.
Kontziliazio Gidari zuzenketak eta hobekuntzak aurkeztu ditugu ere
Kontziliazio gidari dagokionez, legezko zuzenketak egiteko aukera eman zuten eta hori baliatuz, zuzenketez gain, hobekuntzak ere helarazi genizkien (batez ere, funtzionario eta laboralen neurriak bateratzea eta telelanerako akordio berria negoziatzea, etab). Administrazioak apirilaren 15erako deitu digu hurrengo bilerara, Kontziliazio-gidari eta Berdintasun Planaren zirriborro berriari aurkeztutako ekarpenak aztertzeko. Orduan ikusiko dugu ea egindako zuzenketa, ekarpen eta hobekuntzak kontuan izan dituzten ala ez eta negoziatzeko zer jarrera dakarten.