Gipuzkoako Ingeniaritza eskolan gertatutakoaren aurrean LABen adierazpena

Atzo, maiatzak 5, Gipuzkoako Ingeniaritza eskolan gertatutakoa kezka handiz hartzen du LABek. Izan ere, ikasle talde bat kexu zegoen irakasgaiaren ebaluazioa gogorra zela eta. Ikasle kontseilutik kexa egin zen modu formalean eta oraindik kexaren ebazpen-prozesua ez dago itxita. Testuinguru honetan atzo ikasle talde handi bat sartu zen eskolan baita irakasle baten bulegora ere kanpoan ikasleak oihuka zeudela. Beste irakasle batzuek bere bulegoetan itxi behar izan zuten tentsio egoeraren aurrean. Langile hauen kontrako ikasleen jokabidea guztiz onartezina dela iruditzen zaigu.

Ikasleek eskubide osoa daukate kexak aurkezteko eta prozesu horretan berme guztiak izateko. Baita beren protesta adierazteko ere. Baina horretatik atzo bizi izandako egoerara tarte bat dago. Guztion jarduna (langile zein ikasleena) kritikatua izan daiteke modu argudiatuan eta eraikitzailean, eta guztiok daukagu eskubidea kritikei era berean erantzuteko, baina ez da batere onargarria irakasleek presioa pairatzea bere lana egitean.

LABek bere babesa eskaintzen die egoera hau pairatu duten EHUko langileei eta gatazka hau konpontzeko ikasle eta zentroko zuzendaritzaren artean ahalik eta lasterren irtenbide bat bilatzeko eskatzen dugu. Ezin dugu onartu ikasleen eta irakasleen arteko enfrentamendurik unibertsitate barruan, ezta langileen kontrako jazarpenik edota mehatxurik ere.