Hauteskunde Sindikalak: HELBURUAK Ikertzaile-irakasleen kolektiboan

UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile guztientzat lan baldintza hobeak lortzeko lege marko propioa behar dugu pertsonalaren politika propioa egiteko. Negoziazio kolektiboa UPV/EHUko errektore taldearen eskumenetatik haratago dago. Horregatik, irakasle funtzionarioen kidegoen transferentzia eta UPV/EHUko Mahai Sektoriala eratzea aldarrikatzen jarraituko du LABek, behingoz Eusko Jaurlaritzaren, Unibertsitatearen eta sindikatuen arteko negoziaziorako egitura teknikoa osa dadin.

LOSU indarrean sartzearen ondorioz, datozen hilabeteetan araudi batzuk aldatu behar izango dira (EHUko Estatutuak, langileen lan-baldintzak ezartzen dituzten zenbait dekretu, barne araudiak…) eta LABek inposizioei aurre egingo die, lege burujabeak aldarrikatuz. Euskal Unibertsitate Sistemaren legea atzean utzi eta Euskal Herrirako unibertsitate-sistema burujabea lortzeko lege propioak aldarrikatzen jarraituko du LABek. Langileon lan- eta bizi- baldintzen defentsan, ezinbestekoa da LABen jarraipen-lana, parte-hartzea eta mobilizazioa.

Hurrengo urteetarako lan-ildo eta aldarrikapen nagusiak laburbilduko ditugu.

Lan-baldintzak:

  • IRIon kolektiboan egoera prekarioenean daudenen baldintzak hobetzeak ardatz nagusietako bat izaten jarraituko du.
  • Lanaldi partzialeko irakasleak: egiten diren aktibitate guztiak kontuan hartu behar dira. Premiazkoa da duinak ez diren soldatekin bukatzea.
  • Aldi baterako ikertzaileak: soldaten igoera, ikertzaile guztientzako lantoki egoki eta segurua bermatzea, gehiegizko lanaldiak detektatzeko neurriak ezartzea, euskalduntze, mugikortasun eta ikerkuntza deialdietan zein formazio-programa guztietan parte hartzeko eskubidea izatea…
  • Erosahalmena berreskuratu: soldaten eta osagarrien inguruko eztabaidari ekin behar zaio. EHUko langile kategoria guztien oinarrizko soldatak igo behar dira, beste Administrazio publikoetako antzeko kategorietako langileenekin parekatzeko.
  • Ordainsari-gehigarriak: deialdiak urtearen hasieran atera urte berean ebazteko eta osagarri hauei soldaten igoerak aplikatu, 2007tik eguneratu gabe baitaude.
  • Diskriminazioarekin bukatu: aldi baterako IRI guztiek seiurtekoak eskatu eta jaso ahal izatea, gauza bera lanaldi partzialeko irakasleek bosturtekoekin. Meriturik badago, aitortu dadila.
  • Prekarizazioaren kontra: elkartuen plazak benetako elkartuek okupatzeko jarraipena egiten jarraituko dugu. LOSU indarrean sartu ostean, ordezko irakasleek soldata duinak izateko erronkari ekingo diogu.
  • Irakaskuntza zama: LOSUren eraginez JAParen aldaketa sakona dator: atxikien kreditu murrizketa (24 kreditutik 18ra) gainerako irakasleek kreditu gehiago emanda konpentsatu nahi dute. Kolektibo batentzako positiboa den neurri batek ezin ditu besteak kaltetu. Plantilla handitzea ezinbestekoa da kalitatezko unibertsitatea izateko.
  • Aurrekontuak: Eusko Jaurlaritzak baliabide gehiago bideratu behar ditu eta EHUko Errektoretzak hala exijitu.
  • Egonkortzea: LEPetan egonkortzeko ahalik eta plaza gehien ateratzea; baita Sailen lasaiera handitzeko neurriak hartzea, bat-bateko bajei erantzun ahal izateko.
  • Ikerketa ibilbidea garatu eta ikerketa-irakasleen plazak sortu ere.
  • Erretiroa: epaitegietatik etor daitezken ebazpenez gain, erretiro-plan egoki bat lortzeko lan egingo dugu, plantilla gaztetzeko eta, adin batera helduta, nahi duten irakasleek beren irakaskuntza zama progresiboki gutxitzeko.
  • Klausula feministak: kontziliaziorako sinatu genuen akordioaren ildotik bizitza eta lana uztartzeko lizentzia eta baimenetan sakontzen jarraituko dugu; emakumeen karrera profesionala indartzeko neurriak eskatu; ordutegien antolaketa ikuspegi feministarekin landu nahi dugu, hauek ez uzteko sailen eta dekanotzen eskuetan.
  • Burokratizazioa: ez dagozkigun izapide batzuk egin behar ditugu eta honek, gainzama ekartzeaz gain, denbora hori beste eginkizunetarako galtzea dakar. Neurriak inplementatu Administraziotik prozedura batzuk automatizatzeko (bosturtekoen eta osagarrien eskaerak, deialdietan CVa aurkeztea…).
  • Telelana: negoziazio kolektiboaren bitartez adostasunez telelana arautzeko eta EHUk beharrezkoak diren baliabideak jartzeko lanean jarraituko dugu zerbitzuaren kalitatea kaltetua ez den egoeretan (tutoretzak…).
  • Prebentzio eta osasun zerbitzuak: campus guztietan harrera mediku propioa izatea; lan arriskuen ebaluazioa; lana eta bizitza bateragarria egiteko neurriak; gaixotasun, lan-istripu eta lan-baldintzek kaltetutako langileen jarraipena; lan-eremu osasuntsuak (tenperatura egokia…).

Unibertsitate eredua:

  • EHUko gobernantza demokratizatu: langileen eta ikasleen parte-hartzea bultzatu, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko markoak ezarriz. Erabaki-organoen demokratizatzea, kolektiboen ordezkaritza orekatuagoa lortzeko.
  • Euskal jendartearen beharretara dagoen EHU: enpresa pribatuen interesetatik at, elkarkidetza-balioetan oinarrituta, kolektibo guztien beharrei erantzuten (kultur- eta identitate-aniztasunarekin, funtzionalitate ezberdinak…). Elkartasuna, lurraren aldeko borroka, feminismoa,  militarismoa eta armagintzarekiko kolaborazioen salaketa…
  • Politika feministak: Berdintasun Zuzendaritza indartzea eta Berdintasun Zuzendaritzaren presentzia hiru kanpusetan izatea. Formakuntzarako eta prebentziorako diru-partida handitzea eta berdintasun teknikarien plantilla indartzea eskatzen ditugu. Horretaz gain, Azaroaren 25tik haratago, UPV/EHUko zuzendaritzarekin ez ezik, langileekin eta bertan dauden talde feministekin batera, kanpusak emakumeentzako* leku seguruagoak eta sexu-identitate anitzak askatasunez adierazteko guneak izan daitezen lan egiten jarraituko dugu.
  • Euskara: ikastea, irakastea, ikertzea eta kudeaketa euskaraz egin ahal izatea bermatzea, baita EHUkoak zein kanpoko enpresek emandako zerbitzuak ere; euskarazko ikerketa-ekoizpena sustatu, bereziki gabezia dagoen arloetan. IV. Plana osatzean adi egongo gara ekarpenak egiteko eta baita beharrezko baliabideak bideratzea exijitzeko ere.
  • Euskal Herrian Euskal Unibertsitatea: bertokoa eta berton kudeatuta. Euskal Herriak unibertsitate-sistema burujabea lortzeko borrokan jarraituko dugu, unibertsitate eredu propioa landuz. NUPekiko eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekiko harremanak areagotzea.

EGINDAKOAK (2019-2023)

HAUTAGAITZAK

Irakasle-ikertzaile prekario eta diskriminatuek bat egiten dute LABen alde (Bideoak)

LABek jarraituko du finantzaketa, soldata eta erretiro-plan duinak eskatzen (Bideoak)

Balantze, programa eta hautagaitzak (pdf)

Orri nagusia