Seiurtekoak: Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratu gara aldi baterako irakasle-ikertzaileen kontrako diskriminazioa bukatzeko exijitzeko

2023ko urtarrilaren 11n Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea burutu dugu Eusko Jaurlaritzak gai honetan daukan erantzukizuna salatzeko.

Abenduan bidali genizuen komunikatuan alderdi batzuk aipatzen genituen; besteak beste:

  • seiurtekoen 2022ko deialdian aldi baterako irakasle-ikertzaile gehienek baztertuta jarraituko zutela, nahiz eta kolektibo honen ikerketa-merituak ebaluatuak (eta ordainduak) izateko bidea irekita egon.
  • ukatze honetan Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak eta EHUko zuzendaritzak daukaten erantzukizuna. Lehenak, aldi baterako irakasle-ikertzaileen kontura gastu hori ekidin nahi duelako. Bigarrenak, beren langileen alde aurpegia eman ordez, ukapen hori mantentzearen alde egiten duelako, deialdia aldi baterako kolektiboei ireki gabe (aukera badago ere).
  • 2017ko deialdiaren kontra LABek eta Steilasek jarritako helegitearen ondorioz, epaileak deialdi hori aldi baterako kolektibo batzuei irekitzea agindu zuela. Aurrerapauso garrantzitsua den sententzia hori errekurritua izan zitekeen eta, aurreikusten genuenez, Eusko Jaurlaritzak jada errekurritu du.

EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna salatzeko azaroaren 16an EHUko Errektoretza eraikinaren aurrean egin genuen moduan, oraingoan Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratu gara, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren erantzukizuna salatzeko. Izan ere, haien esku dago zuzengabekeria honekin bukatzea. Ez da onargarria unibertsitate publikoaren alde adierazpenak egitea eta, aldi berean, gehien ikertzen duen entitatearen ikerketa diskriminazioan eta prekarizazioan oinarritzea, ahulenen bizkarretik.

Diskriminazio honekin amaitzeko lorpenak jasotzen ari bagara ere, oraindik borrokatu behar da. Eta borroka horretan bultzada handiagoa behar da kaltetuak zareten guztion partetik. Oraindik ozenago entzun behar gaituzte.

Irakasle-ikertzaileen arteko diskriminazioari ez!

Seiurtekoak ikertzen duten guztientzat!