Kategoriaren artxiboa: LAB EHU

LABek Hego Euskal Herriko administrazio publikoetako agintariei borondate politikoa izateko eta behin-behinekotasuna murrizteko neurriak adosteko exijitzen die

Europako Auzitegiaren sententziak argi eta garbi adierazi du Espainiako Estatuak behin-behinekotasuna murrizteko hartu dituen neurriak ez direla nahikoa.

2026ko apirilaren 14an, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak sententzia eman du Espainiako Estatuak aldi baterako kontratazio tenporalen abusuei aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruz; zehazkiago, Espainiako Estatuak hartu dituen neurrien balorazioa egin du. Orain arteko sententziarik erabakigarriena dela esan daiteke. Erabakia EBJAri berari ez badagokio ere, indarrean dauden neurriak ez direla nahikoak baieztatu du.

Sententzia honek argi eta garbi adierazi du behin-behinekotasuna murrizteko hartu diren neurriak ez direla nahikoa izan; izan ere, kontratazio tenporalen abusua jasan duten langileei “mugagabe ez-finko” izaera aitortzea eta 20 eguneko kalte-ordaina ematea behin behinekotasun egoera iraunaraztea dela dio; eta 33 eguneko kalte-ordaina emanda ere ez du nahikotzat jotzen neurria. Hau da, prekaritate egoera luzarazten duen figura da.

Jarraitu LABek Hego Euskal Herriko administrazio publikoetako agintariei borondate politikoa izateko eta behin-behinekotasuna murrizteko neurriak adosteko exijitzen die irakurtzen →

Ez-ohiko seiurtekoen deialdiak. Borrokak merezi du!

Martxoaren 9an ireki da IRI laboralentzako seiurtekoak eskatzeko epea, eta martxoaren 30ean bukatzen da. Oraingo honetan, ohiko deialdiaz aparte, bi ez-ohiko deialdi daude. Ez-ohiko deialdi hauek sindikatuek irabazitako errekurtsoan exekuzioagatik egin behar izan ditu UNIBASQek. LABek eta STEILASek urteak daramatzate seiurtekoen deialdietan zenbait IRI kolektibok pairatzen duten diskriminazioaren aurka borrokatzen: mobilizazio ugari, negoziazio saiakerak eta errekurtso judizialak. 2017an eta 2021ean sartu genituen errekurtsoak IRI kolektibo gehiago sartzeko (2017koa ELAk ere errekurritu zuen). Lehenengo errekurtsoa 2018an sartu genuen eta 2025eko urrian sententzia irmoa jaso genuen, Auzitegi Goreneraino heldu zen bide judizial oso luzearen ostean. Epaian, aldi baterako irakasle lankideen kolektiboaren eskubidea onartu zen, baina ez irakasle elkartuena. 2021eko deialdia ere errekurritu genuen eta 2025ean sententzia irmo bilakatu du euskal autonomia erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Epai honetan irakasle atxikiak (orain laguntzaile doktoreak direnak) sartzea lortu dugu baina berriro ezezkoa jaso dugu irakasle elkartuen kasuan. Beraz, indarrean dauden sententziak exekutatzeko 2017 eta 2021eko ez-ohiko deialdiak egin behar dira kolektibo hauetan zeuden irakasleentzat. 2017koa ELAk negoziatu du, aldeko ebazpena lehenago jaso baitzuen.

Jarraitu Ez-ohiko seiurtekoen deialdiak. Borrokak merezi du! irakurtzen →

Martxoak 8. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, sindikalismo feminista!

Mundua irauli nahi dugu. Dena aldatu nahi dugu. Bizi dugun errealitatea eraldatzeko konpromisoa hartu genuen aspaldi, eta horretan ari gara.

Kapitalismoaren aro basatiena bizitzen ari gara une honetan. Aberastasun handiena munduko esku gutxi batzuetan metatzen ari da, eta geroz eta pertsona gehiago gaude pobrezian eta prekaritatean. Faxismoa, ultraeskuina, ideia erreakzionarioak, arrazistak, antifeministak, trans-baztertzaileak eta abar hedatzen ari diren testuinguru honetan, bizitza duinerako aukera geroz eta pertsona gutxiagoren eskura dago, eta, aldiz, gorrotoak, beldurrak eta kontrolak eztabaida eta agenda politikoak baldintzatzen dituzte.

Jarraitu Martxoak 8. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, sindikalismo feminista! irakurtzen →

Mobilizazio antifaxista egin dugu Gasteizen, Euskal Herria ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna aldarrikatzeko

Eraso eta probokazioen aurrean, Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka erdigunean jartzeko deia egiten dio LABek antifaxista orori. EHUko errektoretzak adierazitako borondatea aintzatetsi nahi du LABek, eta Jaurlaritzaren irmotasun falta deitoratzen du.

LAB sindikatua Steilas eta ELArekin batera mobilizatu da gaur Gasteizen, eskuin muturrak bultzatu nahi dituen diskurtso espainolista, supremazista, klasista, xenofobo, matxista eta euskarafoboei aurre egiteko. Antifaxistak garen langileok Euskal Herrian horrelakorik onartuko ez dugula esateko mobilizatu da LAB, eta Euskal Herri ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna eraikitzeko beharra aldarrikatzeko.

Jarraitu Mobilizazio antifaxista egin dugu Gasteizen, Euskal Herria ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna aldarrikatzeko irakurtzen →

FAXISMOAREN AURREAN: EUSKAL HERRIA ANTIRRAZISTA, FEMINISTA ETA EUSKALDUNA

ADI!!! TOKI ALDAKETA: Kontzentrazioa Gasteizko Andra Mari zuriaren Plazan otsailaren 23an 11:00etan.

Datorren astelehenean VOX alderdi ultraeskuindar, xenofobo, matxista eta euskarafoboak ekitaldi bat antolatu du EHUko Gasteizko campusean. Ekitaldi horren kokagune gisa Euskal Herriko hiriburu bateko campus bat aukeratu badu, argi dago zein den bere helburua: istiluak eragin, polarizazioa elikatu eta bere zalegoari bazka ematea.

Bilatzen duten agertokiaren aurrean, ezinbestekoa deritzogu egun horretan mobilizatzea, gure unibertsitatean eta gure herrian faxismorik ez dugula nahi ozen adierazteko. Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen, aniztasuna bere egingo duen eta denon eskubideak bermatuko dituen Euskal Herria nahi dugula aldarrikatzeko.

Astelehenean, eta urte osoan zehar, ezinbestekoa deritzogu faxismoari erantzun argia, tinkoa eta eraldatzailea ematea. Sistemaren aurkako diskurtsoa darabilen alderdi politiko horren atzean elite ekonomikoen interesak daudela seinalatzea. Bere mezu xenofoboari gure konpromiso antirrazista indartuz erantzutea. Bere jarrera patriarkal eta matxisten aurrean, eraldaketa feministaren aldeko apustua berrestea. Bere jardun euskarafoboaren aurrean Euskal Herria euskalduna eta burujabea aldarrikatzea.

Labur bilduz: euren eraso eta probokazioen aurrean, indartu dezagun Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka. Unibertsitateko komunitateari eta oro har Gasteizko herritarrei dei egiten diegu astelehenean bertan, otsailaren 23an, 11etan Andra Mari zuriaren plazan egingo dugun mobilizazioan parte hartzeko.

M17: Batzar deialdiak

Martxoak 17: Greba Orokorra. Lanbide arteko Gutxieneko Soldata hemen erabaki. LGS 1.500€.

Zerbitzu publikoak ere hemen erabakitzeko!

Batzarrak EHUn

Datorren martxoaren 17an Hego Euskal Herrian Greba Orokorra deitu dugu 1.500 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioa eskatzeko eta soldatak hobetzeko, gure lurraldeko errealitate sozialera eta ekonomikora egokitua egongo den gutxieneko soldata ezartzeko, eta, oro har, soldatari dagozkionak hemen erabaki ahal izateko.

Patronalak irabaziak handitzen jarraitzen duen bitartean, langile klasearen bizi baldintzek okerrera egin dute. Bizitzaren kostua garestitu da, etxebizitzaren prezioak gora egin du, energiarenak eta elikagaienak ere bai, eta azken urteotako inflazioa jasangaitza izatera iritsi da. Bitartean, langileon soldata duinak bermatzeko borondate politiko faltak, herritarren arteko desberdintasunak areagotu ditu, bereziki emakumeen, gazteen eta pertsona migratuen artean.

Hezkuntza publikoan bertan oraingoz badira 1500€ko gutxieneko soldatara iristen ez direnak: langile zuzenak diren EHUko ikertzaile predoktoralak eta EHUko ordezko irakasle partzialak; eta hezkuntza publiko osoan azpikontratatzen diren edo lanaldi partzialak dituzten garbiketako eta jantokietako langileak. Prekarietateak eta soldata arrakalak gure ikasgelak zeharkatzen ditu, gure lankideak, ikasleak edo familiak.

Baina hau Euskal Herriko Zerbitzu Publikoen eta bertoko zuzeneko langileen aldeko greba ere bada. Espainiar estatutik lan-harremanak zentralizatzen ari dira. Honek lan baldintza okerragoak inposatzea dakar; soldata igoerei mugak jarriz, behin-behinekotasuna betikotuz erreposizio tasen bitartez, plantillaren haunditzeari mugak jarriz etabar. Horregatik Patronalek eta hemengo Gobernuek zein erakunde desberdinetako agintariek ez dute interesik ez LGSa ez gainerako lan baldintzak hemen erabakitzeko. Besteak beste zerbitzu publikoetan daramaten ildo pribatizatzailea eta prekarizatzailearekin jarraitu ahal izateko Madrilen hartutako erabakien aitzakipean.

Askotarikoak gara hezkuntza komunitatea osatzen dugun langileak. Ez dugu onartuko langileen pobretzea ahalbidetzen duen eskolarik ez unibertsitaterik. Hezkuntzatik ere irakatsi diezaiegun belaunaldi berriei, gure aurrekoek egin bezala, Greba Orokorra tresna legitimo eta beharrezkoa dela helburu horiek lortzeko.

Horregatik guztiarengatik, zuei, EHUko langile guztioi, batzarretara gonbidatzen dizuegu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak Martxoaren 17ko greba azaltzeko.

Hurrengo egunetan zuengana hurbilduko gara:

  • Leioan, otsailaren 24an, 11:00etan, Liburutegi eraikinaren 6B gelan (Master)
  • Bilbo Ingeniaritzan, otsailaren 25an, 11:00etan, II eraikinean P0I1 Areto Nagusia
  • Gasteizen, otsailaren 27an, 11:30etan, Ingeniaritza Eskolan – Gradu Aretoan, 2. solairuan
  • Sarrikon, martxoaren 9an, 11:30etan, B.013 gelan, Bulegoen eraikinean
  • Donostian, martxoaren 10ean, 11:00etan, Carlos Santamariako 5 gelan

Oharra: baimena dago bilerara bertaratzeko, beharko duenak bertaratze orriak izango ditu.

Gerturatu zaitez!

Denon artean lortuko dugu!

Hustu ditzagun Hego Euskal Herriko haur eskola, eskola, ikastetxe eta unibertsitateak!

M17an GREBA OROKORRA! gutxieneko soldata propioaren alde

Administrazio publikoetan ere gutxieneko soldata zein langile publikoen soldata eta lan baldintzak hemen erabaki

LGS 1.500€

Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko

Martxoaren 17an Greba Orokorrera goaz Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propioa ezartzeko eta soldatak hobetzeko. Hots, guzti horiek hemen erabaki ahal izateko. Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu azken urteetan. Hau egia borobila da EHUn.

Euskal Herrian ezin da bizi 1.500 euro baino gutxiagoko soldatarekin. EHUn badaude langileak soldata hori baino gutxiago jasotzen dutenak: doktoretza aurreko ikertzaile gehienek, lanaldi partzialeko irakasleek (proportzionalki dedikazio-ordurekiko) eta zenbait garbiketa langilek. Ezin dugu aipatu gabe utzi EHUn ikasten ari diren etorkizuneko langileak, horietako askok miseriazko soldatak jasotzeko arriskua baitute. Klase elkartasunagatik guztiok GREBAra!!

M17an GREBA OROKORRA! gutxieneko soldata propioaren alde

Iritzi artikulua: “Azpifinantziazioak EHUren etorkizuna kolokan jartzen du”

Legebiltzarrean onartutako aurrekontuetan EHUrako azpifinantzaketa behin gauzatuta izango dugun arriskua helarazi nahi diogu jendarteari. Ezinbestekoa da euskal gizartearen beharrak betetzeko unibertsitate publikoa egoki finantziatuta izatea. EHUren azpifinantziazioa ez da gai berria. Era ageriagoan edo xumeagoan, aurreko errektoreek, Pérez Iglesiasek barne, EHUrako inbertsioa handitzea eskatu dute. Unibertsitate publikoak ikasteko eskubidea eta gizartearen beharrak uztartu beharko lituzke. Hala ere, gradu askotan plazak betetzen dira, eta ikasle asko unibertsitate pribatuetan matrikulatzen dira (horretarako dirua badute). Adibide argia medikuntza da, gizarteak medikuen behar handia duenean. Gainera, EHUk ikasketak bi hizkuntza ofizialetan eskaini beharko lituzke, baina, euskaraz eskaintzen ez diren derrigorrezko eta hautazko irakasgaiak daude.

Jarraitu Iritzi artikulua: “Azpifinantziazioak EHUren etorkizuna kolokan jartzen du” irakurtzen →