2022ko urtarrilaren 17tik otsailaren 7ra arte irekita egongo da ikerketa merezimenduak (seiurtekoak) ebaluatzeko eskaerak egiteko epea.
Argitaratutako deialdietan, beste urte batez, irakasleen arteko diskriminazioari eusten zaio eta aldi baterako kontratua duten irakasle-ikertzaileei ez zaie onartuko seiurtekoen eskaera egiterik (hutsik dagoen lanpostu iraunkorra betetzen ari diren aldi baterako irakasle-ikertzaileen kasuan izan ezik).
Askotan salatu izan dugun moduan diskriminazio kasu argia pairatzen dute aldi baterako irakasle eta ikertzaileek beren lankide iraunkorrekin alderatuta. Artikulu berberak argitaratuta ere, iraunkorrek meritu horiek ebaluatzeko eska dezaketen bitartean, aldi baterakoei ukatu egiten zaie aukera hori.
LABetik EHUko zuzendaritza taldeari zein Unibasq-eko zuzendariari behin eta berriro eskatu izan diogu diskriminazio egoera honekin bukatzeko. Hala ere, erantzuna beti izan da beretsua: ez dela posible. Bosturtekoekin ere ezinezkoa zela esaten ziguten, eta gero ikusi zen ez zela horrela.
Seiurtekoen kasuan, hasiera batean ANECArena omen zen ardura, ez zuelako horretarako biderik ematen. Hala ere, egoera hau 2020ko deialdian aldatu zen, ANECAk aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzeko aukera irekiz, beti ere, unibertsitate bakoitzak (edo erkidego autonomoaren ebaluazio-agentziak) ANECArekin eranskin bat sinatuta. Beste unibertsitate batzuk (Nafarroako Unibertsitate Publikoak, kasu) aukera hau baliatu duten bitartean, EHUko zuzendaritza taldeak ez du horrelakorik egin nahi izan, ez eta Unibasq-ek ere.
Azken urteotan, LABek ekimen eta mobilizazio desberdinak jarri ditu martxan. Hasteko, iraunkorra izan ez arren seiurtekoak lortzeko adinako merituak izan zitzaketela pentsatzen zuten irakasle eta ikertzaileak beren merituak ebaluatzeko eskaera egitera animatu genituen eta halaxe egin zuten hainbatek. 2021eko otsailaren 23an, LABek deituta, dozenaka irakasle-ikertzaile kontzentratu ginen Unibasq-en aurrean aipatutako abagunea aprobetxatzeko eskatzeko eta 2021ean zehar gune ezberdinetan plazaratu izan dugu eskaera bera. Horrez gain, aldi baterako irakasle batzuen demandak ere bideratu genituen eta epaiketak aurten izango dira.
2021eko udazkenean zehar IRI kolektibo ezberdinek pairatzen duten prekarizazioa eta diskriminazioa salatzeko kanpaina bat jarri genuen martxan, seiurtekoen gaia ere kontuan hartuz. Kanpaina horren baitan kaltetuek Unibasq-eko zuzendariari nahiz EHUko errektore eta errektoreordeari eskaera-eredu bana igortzeko ekimena bultzatu genuen, interesatuen iritziak jasotzeko asanblada irekiak antolatu genituen EHUko campus guztietan, eta EHUko errektoretzaren aurrean ere kontzentratu ginen.
Orain, 2021eko seiurtekoen deialdia ireki denean, egiaztatu ahal izan dugu, unibertsitate batzuetan aldi baterako irakasle-ikertzaile figura batzuei, tartean irakasle atxikiei (profesorado ayudante doctor) ere, seiurtekoak eskatzeko aukera ematen zaiela, kasu batzuetan ondorio ekonomikoekin gainera. Gauza bera gertatzen da ebaluazio agentzia daukaten erkidego autonomoetan (Katalunian kasu). Komunikatu honen amaieran aurkitu ahal izango dituzue Estatuko beste unibertsitate batzuetako deialdien estekak. Gure aldarrikapena seiurtekoak Euskal Herrian bertan ebaluatzea bada ere, aukera hau aprobetxatzea eskatzen dugu, langileen artean diskriminaziorik egon ez dadin.
Bitartean, ANECArekin sinatu beharreko eranskinari buruz galdetu dugun bakoitzean beste alde batera begiratu dute, bai irakasle-ikertzaileen errektoreordeak, bai errektoreak eta baita idazkari nagusiak ere. Are gehiago, azaroko klaustroan gai honen inguruan galdera luzatu zitzaienean, aukera hori Gaztela-Mantxako unibertsitateak baino ez zuela bideratuko 2021eko deialdian erantzuten zuten, eta honek ere epaile baten aginduz egiten duela argudiatu.
Bere partetik, Unibasq-ek burokraziari lotutako aitzakiak erabilita isiltasunean mugitzen jarraitzen du, irakasle-ikertzaile askorentzako diskriminazioari eusten dion bitartean.
LABetik presioa egiten jarraitzeko eskatzen dizuegu egoera hau jasanezina delako. Iaz egin bezalaxe, garrantzitsua da, seiurtekoak aitortuak izateko nahiko merituak dituzuela pentsatzen duzuenok ikerketa seiurtekoak ebaluatzeko eskaerak egitea. Beharrezkoa da, era berean, antolatzen diren ekimenetan parte hartzea. Borrokaren bitartez baino ez baitugu lortuko dagozkigun eskubideak aitortuak izatea.
EHUko eta Unibasq-eko zuzendaritza taldeak: Noiz arte aitzakiekin?
EHUko zuzendaritza taldea: eman aurpegia, babestu zure langileak eta amaitu diskriminazioa!
Hemen dauzkazue unibertsitate batzuen adibideak, non aldi baterako irakasle-ikertzaile figura batzuek seiurtekoak eska ditzaketen:
Nafarroako Unibertsitate Publikoa/ Universidad Pública de Navarra:
Universidad Autónoma de Madrid
Universitat de València
https://www.uv.es/pdi/Sexenios/2021/2021_convocatoria_sexennis_%20P_CONTRACTAT-ANECA.pdf
Universidad Rey Juan Carlos
Comissió d’Avaluació de la Recerca de Catalunya
Universidad Carlos III
https://drive.google.com/file/d/1JMsZNjKLF0HdN3kxyIYhzhP_GksZOqI4/view
Universitat d´Alacant
Universidad de Cantabria
Universidad de Zaragoza
https://ae.unizar.es/?app=touz&opcion=mostrar&id=44652
UNED
https://www2.uned.es/bici/Curso2021-2022/220117/13-1.htm#4.-_____
Universitat Politècnica de València
http://www.upv.es/entidades/VINV/menu_urlc.html?/entidades/VINV/info/U0903678.pdf
Universidad de La Laguna
file:///C:/Users/vcpetalj/AppData/Local/Temp/ConvocatoriaSexenios2021.pdf
Universidad de La Rioja
https://www.unirioja.es/servicios/sgpr/pdi/sexenios/convlab2021.pdf
2 erantzun “Aldi baterako irakasle-ikertzaileek eska ditzakete seiurtekoak unibertsitate askotan. Ez ordea EHUn” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.