LOSU (Ley Orgnánica del Sistema Universitario) onartuko omen da hurrengo hilabeteetan Estatu espainiarreko Kongresuan. 2021eko amaierarako onartuta egotea espero bazen ere, alde ezberdinetatik jasotako presioak eta beste arrazoi batzuek (Manuel Castells ministroaren dimisioa barne) atzeratu dute prozesua. Lege honek 2001eko LOU eta 2007ko LOMLOUri erreleboa hartuko die, ustez, urte batzuetarako. Izan ere, Estatu espainiarreko unibertsitateen izaera eta funtzionamendua arautuko ditu, Hego Euskal Herrian dauden unibertsitateenak barne. LOSU indarrean jarri eta handik gutxira garatu eta ezarriko omen den Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen Estatutuarekin batera, LOSUk unibertsitateko langileen baldintzak arautuko ditu. LOSUk Hego Euskal Herriko unibertsitateetan lan egiten eta ikasten dugun guztiongan eragina izango du, aipaturiko beste legeak pairatu eta pairatzen ari garen moduan, “Unibertsitateko elkarbizitzarako legea” kasu, unibertsitate-eredu merkantilistaren aurrean protesta kriminalizatzea eta zigortzea erraztuko duena.








