Badirudi momentu erabakigarri batean aurki gaitezkeela. Izan ere, ematen du LABetik hainbeste denboran borrokatutako seiurtekoak eskatu eta lortutakoak kobratu ahal izateko aukera ireki daitekeela. ANECAk eskubide hau onartu du eta orain unibertsitate bakoitzaren esku dago bide hau zabaltzea edo ukatzea. Gure kasuan, UPV/EHU eta UNIBASQen esku dago aukera hau zabaltzea, Estatuko beste unibertsitate batzuk jadanik egin duten moduan.
Formazioko doktoretza aurreko ikertzaileen 2019ko
martxoan onartutako estatutuan (EPIPF) ezartzen ziren soldata
minimoak ordaintzen ez zirenez LABek zenbait erreklamazio aurkeztu zituen
2020ko martxotik aurrera. Erreklamazio horietan ikertzaile bakoitzari zor
zitzaion dirua eskatzen zen. Lehenengo instantzian jasotako hasierako sententziak
gure erreklamazioaren aurkakoak izan badira ere, EAEko Justizia Auzitegi
Nagusiak bi sententzietan arrazoia eman digu: EPIPF indarrean sartu zen unean
egokitu behar ziren soldatak.
UPV/EHUko
ordainsari-osagarri gehigarrien ibilbidea oztopoz beteta egon da ia hasieratik:
etenak (2011tik 2014era, lau urtetan zehar ez ziren deituak izan), murrizketak
(2015ean ezarri zen ebaluazio protokoloaren formula, lehenengotik aurrera,
ebaluazio aldi bakoitzean osagarri bat baino gehiago igotzea galaraziz) eta
eragin ekonomikoen atzerapenak (deialdia-ebaluazioa-ordainketa tartea 2 urtera
luzatuz B-A osagarrientzat). Orain, ebaluazio protokoloaren inguruan azken
urteotan bizi izan dugun auzia aitzaki hartuta beste atzerapen bat gehitu nahi
digute, urteko osagarrien deialdia urtebete atzeratuz.
CCOO sindikatuak abiarazitako prozesu
judizialak beste urrats bat eman du, Euskadiko Epaitegi Gorenak ontzat eman
baititu 2018ko protokoloa eta deialdia (2017 arteko merituak ebaluatzekoak
zirenak, alegia). Honek desblokeatu du deialdi horren ebaluazioa. Horiek
horrela, bi deialdiak 2018koa eta 2019koa “bizirik” daude eta egun hauetan
zuetako batzuk hasi zarete jasotzen deialdi horietan egindako eskaeren
ebaluazioak.
LABek bat egiten du doktoretza aurreko ikertzaileek antolatutako kontzentrazioarekin, ostiralean, hilaren 14an, 17:30etan (aurreratuta), Bilboko Bizkaia Aretoan
Atzo, otsailak 12,
Irakasle-ikertzaileen (IRI) negoziazio
mahaia bildu zen ikerketako Errektoreordearekin eta IRIko Errektoreordearekin.
Bileran, aldi baterako ikertzaileentzako araudi-proposamen bat aurkeztu zen.
Dokumentuan, hiru gai garrantzitsu zeuden, guztiak soldatei buruzkoak:
1.- Ministerioaren deialdietako doktoretza
aurreko ikertzaileen soldatak EPIPFera (Estatuto
del personal investigador predoctoral en formación) egokitzea.
2.- EHUren deialdiko doktoretza
ondoko kontratuaren soldata Eusko Jaurlaritzaren deialdikoarekin parekatzea,
kopurua nabarmen jaitsiz.
3.- Ikertzaile Kontratatuen (IK/PIC
gazteleraz) soldata jaistea; IK doktoreei irakasle atxikien soldata esleituko litzaieke,
eta doktore ez direnei laguntzaileena.
LABek, beste behin, adierazi zuen beharrezkoa dela lan-hitzarmenaren ikertzaileei
dagokien atalaren gaineko negoziaziori ekitea, aipatu atala
zaharkituta dagoelako.
Dakizuenez, 2019ko martxoaren 16an sartu zen indarrean doktoratu aurreko ikertzaileen estatutua (EPIF). Arau horrek ministerioen, autonomia erkidegoen, unibertsitatearen eta erakunde pribatuen formaziorako kontratuei eragiten die.
EPIFek langile horien gutxieneko soldatak (gordinak) ezartzen ditu:
Lehen eta bigarren urteak: 16.127,58 €urtean (1.151,97 € 14 ordainsaritan)
Hirugarren urtea: 17.279,50 €urtean (1.234,25 € 14 ordainsaritan)
Laugarren urtea: 21.599,48 €urtean (1.542,82 € 14 ordainsaritan)
Badirudi
osagarrien iazko deialdiaren ebazpenaren gainean berriak daudela. Hala ere,
deialdi horretara aurkeztutako irakasle-ikertzaileek ez dute inongo informazio
ofizialik jaso eta ez dakite ea jarraitu behar duten beren eskaera berriarekin
edo ez.
LAB eta
Steilas sindikatuok behar-beharrezkoa jotzen dugu egoera behingoz argitzea eta
eskatzen diogu Unibasqi lehenbailehen esan dezala ea 2017ko deialdiaren
ebazpenak emango diren eta noiz helaraziko zaizkien irakasle-ikertzaileei.
Martxan da azkenean 2018ko deialdia. Ez da albiste
txarra, dudarik gabe, azken hilabeteotan bizi izan ditugun gora beheren ostean. Honek ahalbidetzen du aurten C osagarrien esleipena. Baina gehigarrizko osagarrien korapiloa behar bezala askatzeko eta prozedura normaltze bidean jartzeko bi auzi nagusi geratzen
dira oraindik konpontzeko: 2017ko deialdia
ondo ixtea eta
bidean galdu dugun urtea berreskuratzea.
Atzo, irailak 28,
EHUren Gobernu Kontseiluak irakasle eta ikertzaileentzako osagarri gehigarrien
deialdi berria onartu zuen, hain zuzen ere, 2018 urtera bitarteko merituak ebaluatu
eta esleituko dituena. Jaurlaritzak eta UPV/EHUko gobernu taldeak ez dute aintzat
hartu LAB eta STEILAS sindikatuen proposamena, aurten deialdi metatu bat egite aldera,
2018 eta 2019ko deialdiak batu eta hemendik aurrera
deialdien zikloa normalizatzea ahalbidetuko lukeena. Beste behin ere langileon
eskubideak kolokan geratu dira Administrazioaren nagusikeria medio. Eta deialdi
hau onartuta ere, oraindik ez dakigu zer gertatuko den 2017ko A eta B motako
osagarriekin, ezta nola eragingo dion horrek 2018ko deialdi berrikoaren
gauzatzeari ere, 2017 eskaria egin zutenen kasuan, behintzat. Gauzak gaur egun
dauden moduan beste urtebete galtzeko arrisku larrian gaude CCOO.- en eta
Unibasq-en arteko liskarraren ondorioz.
Aurreko ostiraleko
Gobernu Kontseiluak 2017ko osagarri gehigarrien A, B eta UET ez-doktoreen
tarteen deialdiaren erresoluzio-epearen suspentsioa erabaki zuen, berriz ere
CCOO sindikatuak osagarrien protokoloari jarritako helegitearen gaineko ebazpen
baten ondorioz. Iaz, antzeko egoeran, deialdia amaitutzat eman eta berria
abiatu zen, protokolo berri batekin eta urte betez atzeratuta merituen balizko
esleipena eta ordainketa. Eskerrak C tramuak salbatu genituela, atzerapenarekin
ere, 2019ko urtarriletik aurrera ordaintzen hasi baitziren. Orain ordea, ez
dago jakiterik zer gertatuko den. Baliteke Unibasqek protokoloaren kontrako
ebazpenari jarritako errekurtsoa hilabete gutxitan erabakitzea. Edo gerta
liteke, halaber, denboran luze jotzea eta berriz ere denborarik gabe geratzea
2017ko A, B eta UET ez doktoreen tarteak esleitzeko eta 2018ko deialdia aurten
bertan egiteko, ondorioz dena beste urte betez atzeratuz, C tarteak barne.